XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MIREN AZKARATE

Txori bat bele artean

Miren Azkarateren buruan ez da inoiz amets haundientzat lekurik izan.

Lanak okupatu dio beti denbora eta adimena.

Aspaldion, esate batera, haren zerebroaren harietan hitz-elkartuak, maileguak eta eratorriak katramilatzen dira etengabe.

Horregatik, beharbada, Euskaltzaindiaren ateak zabalik dituela esan diotenean ere, ez da alteratu eta Zorroagan okupatzen duen despatxu monastikoan edo etxean, bi alabatxoak oheratu eta ahopeka kontatutako ipuinekin lokartzen dituenean, ordenadore aurrean eseritzen denean, euskal lexikoari buruzko korapiloak izaten ditu gogoan.

Datorren hiletik aurrera Euskaltzaindiaren eserleku bigunetan jezarriko da, Yourcenar bat Franziakoan edo Conde bat Españolean eseritzen ziren bezala eta euskal gramatikari buruzko debate luzeetan abots lehun eta gozo bat entzungo dute euskaltzainek, Barandiaran eseritzen zen lekutik, txori bat bele artan bailegoan.

Ikastolatik Euskaltzaindira

Joxean AGIRRE

Miren Azkarateren irudiak ez du emakume intelektualaren argazki topikoarekin koadratzen.

Ez darama betaurrekorik, ez du solteriaren alarderik egiten; ez du destino haundi bat enkarnatzen dutenen petulantziarik edonundik paseatzen.

Bere kurrikulum akademikoari bagagozkio Emakume 10 bat da.

Laugarren batxillerrean nota hainbat matrikula atera zuen kasik, esaterako, eta ikaskideek kontatzen dutenez, filologia egiten ari zenean, azterketak hasi baino astebete lehenago prestaturik izaten omen zituen materia guztiak.

Gaupasa horien arrastoak nabari zaizkio begizuloetan eta oraindik ere, Izaro eta Maite, zazpi eta hiru urteko alabatxoak oheratu eta ahopeka ipuin luzeak kontatuz kokartzen dituenean, ordenagailuaren ondora itzuli eta katilukada bat kafe prestatu ondoren, ordu beranduak arte lanean segitzea gustatzen zaio.

Alabaina, ez da ahoa zabaldu eta inor txundituta lagatzea gustatzen zaion horietakoa.

Bere puntu fuertea samurtasuna da; bere dohain nabarienak izakera mailakoak eta seduzitzeko erabiltzuen arma, abotsa.

Duela 36 urte jaio zen Donostian.

Aitarengandik heredatu zuen ikasteko grina eta amarengandik hizketarako duen erraztasuna.

Aita mekanikoa zen, Lasarteko fabrika batean, baina gerraondoan Burgosko penalera eraman zuten Mitxelena eta beste askorekin batean eta han ikasi zuen ingles piska bat eta matematikak.

Handik zetorkiola, uste dut, ikasteko grina eta hori oso txikitandik jaso nuen nik.

Ama, esate baterako, askotan kexatzen zen eta ez genuela inoiz arrautza pare bat frejitzen ikasiko aurpegiratzen zion aitari, baina honek horretarako gero ere izango genuela denbora, erantzuten zion, kontatzen du.

Lau urterekin Artzai Onaren plazan Karmele Esnal andereñoak zuen ikastolan hasi zen eta lau urte horietan erne zitzaion bere lehen bokazioa, andereño izatea edo zehatzago esateko Karmele Esnal bezalakoa izatea.

Zortzi urterekin, ordea, mojetara pasatu zuten eta hor ezagutu zuen bere bizitza bideratuko zuen bigarren pertsonaia: Ama Arrazola.

¡Esto es París, chicas!

San Bartolomeko mojekin hasi nintzen zortzi urterekin eta ikastetxe horretan egin nuen batxillerra eta egia aitortu behar badut, oso nota oneko ikaslea izan naiz.

Matrikulak sarri ateratzen nituen.

Laugarren batxillerrean, esaterako, denak matrikula atera nituela uste dut.

Dena den, ikastetxe horretan jaso nuen eragin inportanteena Ama Arrazolarena izan zen.

Nik magisterio egin nahi nuen, Karmele Esnal bezala, andereño izateko eta berak sartu zidan buruan bost urteko karrera bat egin behar nuela.

Artearen historia ematen zigun Ama Arrazolak.

Ordurako liburu batzuk argitaratuak ere bazituen eta sekulako entusiasmoa trasmititzen zuen gauzak esplikatzeko orduan eta irudi hori betiko geratu zaidala esango nuke.

Pertsona bezala ere oso zabala zen moja hori.

Gogoratzen naiz behin, batxillerra egiten ari ginela, nola Parisera egin genuen eskurtsioa eta autobus barruan joan ginen Paris gauez ikustera.

Pigalle-ko neoizko argiak ikusi genituen eta Moulin Rouge-ko fatxada eta eskaparateetan zeuden emakume biluzien irudiei begira ¡Esto es Paris, chicas! nola esaten zigun gogoratzen naiz.

Ondoren Trocaderora joan ginen eta han mutil talde bat hasi zitzaigun atzetik korrika, edo hori iruditu zitzaigun behinik behin eta oso polita izan zen, nola erabat izuturik autobusera sartu ginen, mojak gu defenditzeko kanpoan jartzen ziren bitartean, kontatzen du.

Bidaiak izan dira Miren Azkarateren hobby bakarra.

Urte osoa ikasten pasatzen nuen.

Nik lehen nobioa oso berandu izan nuen.

Ez dut uste horretarako denborarik nuenik.

Kurtsoan zehar euskarazko klaseak ere ematen nituen eta diru hori neretzako uzten zidaten eta aurreratzen nuenarekin Interail-eko txartela hartu eta Europan zehar joaten ginen bizpahiru neska.

Ikasturtean zehar ikastera dedikaten nintzen, baina udako hiru hilabeteak opor egiten nituen.

Horrela ezagutu ditut, oso azaletik bada ere, Europako herrialderik gehienak.

Europatik kanpokoak geroko utzi nituen eta oraindik horretan segitzen dute, segitzen du.

Patxi Altuna

Ordurako EUTGn filologia erromanikoa egiten ari zen.

Xalbador Garmendia, Koldo Eizagirre, Ramon Etxezarreta eta beste zenbait izen ezagun ere baziren promozio horretan eta guztiek astebete lehenago azterketak prestaturik zituen neska xarmant batekin gogoratzen dira.

Gauzak ondo egiten saiatu naiz beti, baina ez dut izan gero egin behar nuenaren kontzientzia garbirik.

Egia esan ez dut inoiz garbi izan zer izan nahi nuen ere.

Gauzak etorri diren bezala etorri dira, ez nik hala izan nahi dudalako.

Nere buruarekin kanpotik ematen dudan baino konfidantza gutxiago dut eta batxilerrean Ama Arrazolak bezala, EUTGen Patxi Altunak sartu zidan buruan euskal filologian zerbait egin nezakeela.

Aurki adar hori martxan jarriko zutela eta irakasleak behar zituztela esan ohi zigun eta horrela, kasik pentsatu gabe sartu nintzen mundu honetan.

Irakurri bai egiten nuen euskal literatura.

Garai hartan aita aldizkari eta liburu sail guztien harpide zen, baina ez nuen azterketarako lehiarik.

Axular, esaterako, karrerako hirugarren urtean edo irakurri nuen, tesina zer gairekin egin nezakeen pentsatzen hasia nengoenean.

Gogoratzen naiz Noruegara bidean trenean, Axularren Gero-ren fitxak ateratzen pasa nuela bidaia, segitzen du.

Tesina horren izenburua Denbora markatzeko Axularren N eta Z nola erabiltzen dituen izan zen.

Miren Azkarateren destinoa markatzen hasia zegoen.

1980an hasi zen tesia egiten, baina ondorengo urteetan beste zenbait gertakari garrantzitsu ere gaineratu zitzaizkion.

Urte horretan bertan Ameriketara joan zen, Illinoiseko unibertsitatean proiektu finantziatu batean parte hartzeko.

Egonaldia luzateko posibilitatea zuen, baina nahiago izan zuen etxera itzuli eta ezkontzea.

Urtebete barru Maite, alaba zaharrena jaioko zen.

Herrimina nuen.

Lehenbiziko aldia zen etxetik kanpo hilabeteak nengoela eta etxera itzultzeko gogoa sartu zitzaidan.

Jesus ere hemen zegoen eta etorri eta ezkondu egin nintzen aitortzen du.

1988rako prestatua zuen bere esparrua mugatuko zuen tesia hitz konposatuei buruzkoa eta geroztik barruti horretan murgildurik bizi da.

Illinoisen sekulako biblioteka nuen eta handik bibliografia oso baliotsua ekarri nuen eta hari esker lan asko egin ahal izan dut.

Euskararen batasuna dela eta aditzaren inguruan eman dira eztabaida larrienak eta uste nuen eta uste dut lexikoari ere leku bat egiteko ordua dugula.

Azken urteotan sekulako aldaketok eman dira lexikoaren alorrean eta hor erabaki batzuk hartzen hasi beharrean gaude, esplikatzen du.

Burua hitz-elkartuz, konposatuz eta eratorriz beteta duen emakume hau irakasle titularra da Zorroagan.

Komentu edo asilo itxurako despatxu baten eseritzen da goizetan eta ikastaroak edo Gateizeko fakultatean doktore klaseak ematera joaten da arratsaldetan.

Aurki Euskaltzaindiko aulki bigunetan eseriko da eta gramatikari buruzko korapiloak askatu behar direnean, abots mehe baina gozo bat entzungo da, inoiz Joxe Migel Barandiaranek okupatu zuen eserlekutik.